Azalpen orokorra
Leintz bailara osatzen duten hiru udalek, Eskoriatzak, Aretxabaletak eta Leintz Gatzagak, euren herrietako hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko erabakia hartu zuten 2002. urtean, eta horretarako atera zuten Leintz bailarako ahozko ondarea jasotzeko proiektua. Helburua izan da, Leintz bailarako ahozko ondarea jasotzea, eta bildutako guztia antolatu eta herritarren esku jartzea. Udalek egoki ikusi zuten orain arte euskalkiari buruz zegoen material apurra antolatzea eta herritarrei elkarrizketa berriak egitea, bideoan grabatuta, euren testigantzak jasota gelditzeko. Testigantza horiek gure herrietako historiarik gertukoena jaso dugu, herritarren bizipenak, bizi-esperientzia.
Proiektuak bi epe edo fase izan ditu.
- 2002-2003 urte bitartean, Ruben Beitia, Ainhoa Segura eta Maider Irizarrek osatutako lantaldeak 15 grabazio egin zituzten MiniDisc formatuan.
- 2004. urtean Badihardugu euskara elkarteak hartu zuen proiektua aurrera ateratzeko ardura. Badiharduguk lehen zeuden elkarrizketak katalogatu ditu eta horrez gain elkarrizketa berriak egin ditu. Elkarrizketa berri horiek bideo formatuan grabatu dira, eta modu horretara herritarren testigantzak entzun ezezik, ikusi ere egin ditzakegu.
Udal batek egiten dituen lanak baloratzen direnean, gehienetan obrei buruz hitz egiten dugu, espaloiak konpondu direla, etxe berriak jaso direla, aparkalekuak egokitu direla... Baina hemen aurkezten dena, udal batek egin dezakeen lanik onenetakoa da: herritarrei hitza ematea. Herriaren XX. mendeko historia herritarren berbetan jasotzea, nola bizi ziren, emakumeek nahiz gizonek zer bizimodu izaten zuten, umetako jolasak zeintzuk ziren, neskatan nola egiten zen, baserriko lanak... Mila gauza!
Aurrera begira
Lana ez dago amaituta, eta beharbada, ez da inoiz amaituko. Lan honekin ate handi bat zabalduko da. Hasteko, oraindik hizlarien lekukotasun guztiak ez dira editatu; aukeraketa bat egin da, baina aurrerago ere Badihardugurekin elkarlanean jarraitu nahi dugu, lana garatuz eta osotuz joateko asmoz. Badiharduguk ez ezik, edozein herritarrek edo ikerlarik ere datu-base honetan gehitu dezake berak egindako beste edozein grabazio. Udal honen asmoa da, datozen urteotan egin daitezkeen grabazioak ere azpiegitura honetan txertatzea eta orain artekoarekin bateratzea.
Gainera, hemen dugun materialarekin beste hainbat proiektu gauzatzeko aukera ere izango dugu: asmoa dago ikastetxeetan euskalkia lantzeko material moduan erabiltzekoa, DVD sorta bat presta liteke lanbideak, ohiturak,jaiak, erlijioa... jasoko dituztenak, jolas moduko ikus-entzunezko bat... Oinarri eta balio handiko datu-basea da eta horri etekina ateratzen jakin beharko dugu orain.
Proiektuaren aurkezpena
Aretxabaletarrak Berbetan proiektua 2007ko apirilaren 16an aurkeztu zen prentsaurrean, eta ondoren, maiatzaren 10ean, Otalora jauregian herritar guztien aurrean, informatzaile, ikerlari, senide...
Aurkezpenaren inguruko informazio gehiago ondorengo loturetan:
Bideo bat ere sortu zen, batez ere proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Hementxe bertan ikusi dezakezue: